XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ausaz, Jainkoak gizakioi jaio eta hiltzeko baimena eskatu ote digu?

- Ez da hemen horren auzia; gizona funtsean askea da erabaki nagusienak hartzeko.

- Zaude isilik... Kapitalismoak asmatu du herioaren makina nagusi hau gerran, eta Elizak aberatsak apoiatzen ditu.

Nik fraideari esku bat bota nahiz:

- Edurne, ez ezan ahantz Frai Eustakio ere gerra honetan biktima dela.

- Hala izanen da, baina Elizak, gehienbat, gerra hau bedeinkatzen darrai.

Solasa bere hartan gelditu zen. Nik Frai Eustakioren fedea itzela zela pentsatu nuen, eta, halako fraideak ahuntz bat hegaka ikusi nuela esaten banion ere sinetsiko zidala...

Bideak, herriskak, auzoak edonon ebakuatzen eta ihes egiten ari zirenekin beteta ageri ziren. Eguerdi hartan bazkaltzerakoan fraide sukaldariak aparteko arroza prestatu zigun, nahiz azpikaldeko arroz-aleak pixka bat txirpilduegiak atera. Ondoren bi arrautza jan genituen, eta postre gisa bi sagar handi. Aspaldi ez bezalako bazkari bapoa egin genuen.

Umorea egitearren fraideari erdi-txantxetan galdetu nion:

- Frai Eustakio, galdera inozo bat esatera noakizuna; fraide sartu ez bazina, ausaz, ezkonduko al zinatekeen? -Edurne biziki harritu zen nire galderaz, nahiz ongi jakin batzuetan aski zinikoa nintzela. Irribarretxo bat irten zitzaion.

- Ez naiz horretan pentsatzen jarri.

- Hipotesi bat baino ez da, gizona...

- Zer nahi duzu esatea... Jainkoak gizakiak gizon eta emakume egin zituen, eta ugaltzeko eskatu. Hori besterik ez dakit.

- Ze, fraide sartu aitzinetik ez al zenuen inoiz neska edo emakume batekin ametsik egin...?

Frai Eustakiok barre nasaia, arroz-ontziaren ipurdiari labanarekin ale erreak kentzen zizkiola.

- Osaba, tentatzen ari zara...